XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskola Publikoen sare bikoitza mantendu nahi izateak, sendar litzake orain artean alde guztietatik begiratuta ere hain kaltegarri izan zaizkigun ikastola eta eskola estatalen arteko diferentziak, espak eta era askotako etsaigoak.

Baita ere egia da hezkuntz sare publiko bikoitza diskriminazio sozial, ideologiko eta linguistikoen iturri izan daitekeela.

Halere, ez dugu uste, arazoa, sare bakarra izateko borondaterik dagoen ala ez, beharrezko den ala ez, diskriminaziorik sortu lezakeen ala ez jakitean dagoenik, zer-nolako sare bakarra nahi dugun eta posible den ala ez lortzea jakitean baizik.

Ikastolak sortu arte Euskal Herriko irakaskuntza publikoan sare bakarra izan dugu, baina hizkuntz eta kultur kolonialismoa trasmititzen zituen sare bakarra.

Ikastolak sortuz geroztik sare bakarra beti izan da posible.

Eskola estataletan beti izan dira irakasle euskaldunak.

Diktaduraren ondoren ere eskola horiek nolabait alda zitezkeela sinetsiz bertan parte hartu izan dutenak eta horietako plazen jabe egiten saiatu direnak beti izan dira eta geroari begira irakasle euskaldunak ugaldu eta plaza horien jabe egiten saiatu behar zela aldarrikatu dutenak beti izan dira.

Halere, beste eskola-mota bat sortzeari ekin zitzaion eta gehienek ikastoletara jo dute.

Sare bakarraren arazoa, besterik gabe planteatzea, sofisma bat izan daiteke, bapatean euskaldun sare publiko bakarra ez bada garantizatzen.

Sare bakarra ikastolak sortu aurretik bezalaxe, gaur ere posible da, baina Euskal Eskola Publikoen sare bakarra oraingoz ez da posible.

Labur, eragozpenak aurkeztera goaz: - Euskal Eskola Publikoaren sare bakarra bi zutabetan oinarritu behar da: ikastola eta eskola transferituetan eta bien arteko batasun-prozesuaren fruitu izan behar du, ez batak bestea anexionatzearen fruitu.

- Gaur gaurkoz Eusko Legebiltzarrak ez du konpetentziarik eta indar politikorik Euskal Eskola Publikoa sortzeko beharrezko liratekeen legeak arautzeko.

Lege-baldintza hauetan, gaur egun sare bakarra izatekotan, estatal-eskualdatuetan urtu eta desegin beharko genuke, Espainiako Parlamentuak Estatuko eskola publiko guztientzat dituen baldintza berdinetan.